0-5HazieraHezkuntzaJolasak

Zaharrak berreskuratuz: “Haurrek jolastu besterik ez dute egiten”

  

2012/11/11 Jone Areta Urrestaratzu

Askotan entzun izan dut haurrek jolastu besterik ez dutela egiten. Eta nik nire buruari galdetzen diot: eta zer da bada egin beharko luketena?? Eta gurasoekin formazio saioetan biltzen naizenean ere beraiei luzatzen diet galdera hau. Mundu guztia ixilik gelditzen da.

0-6 urte bitarteko etapan, hezkuntza arautuan zein kalean, haurrek jolastu besterik ez dute egiten. Bai, halaxe da. Eta hori da hain zuzen ere egin behar dutena. Jolasa ikasteko tresna da beraientzat, ekintza serioa eta ezinbestekoa haurraren garapenerako.Jolasaren ekintza dibertigarria da, askatasun adierazpena eta askotan helburu zehatzik gabeko prozesua, baina haurrari esfortzua suposatzen dio, haurrak jolasaren bitartez zailtasunak bilatzen ditu eta hauek gainditzen saiatzen da.

Garapenari begira, garapen psikomotorea, kognitiboa, afektibo – emozionala zein soziala garatzen laguntzen du. Jolasak gorputza eta zentzumenen garapena bultzatzen du. Jolasak egitura kognitiboak sortu eta garatzen ditu, sormena areagotuz. Jolasak oreka afektiboa eta osasun mentala sustatzen du. Jolasa komunikazio eta sozializaziorako tresna da.

Eta jolasari buruz hitz egiten dugunean, jostailuen gaia etortzen zaigu burura. Gabonak iristear dauden honetan, gure seme-alabarentzat zein izanen den jostailurik egokiena pentsatzen hasten gara. Jostailu bat aukeratzeko orduan irizpide batzuk hartu behar ditugu kontuan:

  • Haurrren garapenari erantzun behar dio, bere interesei erantzunez
  • Koheziketa bultzatu behar dute, rol sexistak bultzatzen dituzten jostailuak baztertu.
  • Elkarbizitza arazoak sortu ditzaketenak, jarrera agresiboak bultzatzen dituztenak baztertu.
  • Erabilera anitza izan dezaketenak egokiagoak dira.
  • Ororen gainetik, ziurrak izan behar dute. Europako araudia betetzen duela ziurtatuko digu (CE) ikurrak.

Egungo gizartean oso zabaldua dago teknologi berriekin loturiko aisialdia. Jolas hauetan kontuan izan behar dugu bere erabilera ezin dela haurraren irizpidearen arabera utzi. Mota honetako jolasen erabilerak beti helduaren gainbegirada eskatzen du eta erabilera orduak mugatzea komeni da.

Kopuruaren gaia izaten da guraso asko eta askorentzako buruhaustea ere. Etxean, aiton-amonaren etxean, izebaren etxean…. Azkenean haurrek opari ugari jasotzen dituzte eta garrantzitsua da kalitatea kantitatearen gainetik jartzea. Hobe da jostailu gutxiago baina benetan haurrarentzat erabilgarriak eta bere garapenari begira lagungarriak izango direnak aukeratzea.

Jolasaren ekintzan jostailuak garrantzitsuak diren arren, jostailuek bezainbeste garrantzia hartzen du jolaserako espazioak. Haurrak erabiltzen duen espazioa, espazio egokia izan behar du, ziurra, modu autonomoan aritzeko aukera eskaintzen diona, hau da, etengabe helduaren laguntza eskatzera behartzen ez duena eta aberatsa, esperientzia mota desberdinak eskaintzen duena. Gure herrian, zorionez basoz inguratuta gaude eta honek haurra eta naturaren arteko elkarrekintza ahalbidetzen du. Ezinbestekoa da lurra, egurra, harriak, ura,… bezalako elementuekin jolastea, bere esperientzia aberasteko batetik, egurra edo plastikoarekin jolasteak ez baitio informazio berdina emanen, eta bestetik, bere ingurua ezagutu eta errespetatzen ikasteko.

Bukatzeko hainbat ondorio azpimarratu nahiko nituzke:

  • Jolasak haurrari garapen orekatu bat lortzen laguntzen dio.
  • Ekintza dibertigarria bezain serioa da.
  • Haurraren beharrak behatzen jakin behar dugu, esperientzia egokiak eskaini ahal izateko.
  • Jolas eta jostailu egokiak aukeratzen jakin behar dugu.
  • Eta jolaserako espazioak aukeratzen eta egokitzen jakin behar dugu.

 

 “Haurrek jolastu besterik ez dute egiten, baina jolasa ekintza serioa da”

etiketak

Related Articles

Back to top button
Close