Bizipeninteresgarriak

Izenik gabeko ipuina

“Bazen behin 9-10 urteko neska bat, munduko haurrik zoriontsuena zela pentsatzen zuena. Ikasketetan abila zen, musikazalea, biolina jotzen ere bazebilena…

Eskola kirolean ere apuntatuta zegoen. Gure neska zoriontsu honek, berriz, mezu ez-egoki batzuk jasotzen zituen inguruan. Gelakide batzuek ‘bolitxe de manteka’ ezizena jarri zioten; futbolean entrenatzaileak defentsa jartzen zuen baloiak bere gain errebotatzen zuelako…; dantzatan jantziak egiteko modelo bezala eraman zuten, gizenena bera zelako; eta Ostegun Gizenean ere beti jasotzen zituen ‘zorionak’.

Alabaina, mezu krudel horiek ez zitzaizkion axola. Bera zoriontsu zen horrela, mitxelinak eta guzti.

Hiru esaldi zebiltzan, gau-tximeletak gauean argiz betetako etxean sartu nahian bezala, haren bihotzeraino iritsi guran: “Nahiz eta zu ondo sentitu, ez zaude ondo. Ondo egoteko pisua galdu behar duzu. Ez baduzu pisua galtzen, ez zara baliozko pertsona izango”. Gure neska zoriontsuak ordea bihotzaren leihoak ireki ez.

Baina 5. mailako mediku azterketa iritsi zenean, sendagileak 9 kg jaitsi beharra zituela esan zion. Hark esaten bazuen, egia izan behar. Neskak serio hartu zuen eta 9 ez baziren ere, 6ren bat jaistea lortu zuen. Hori bai, egindako esfortzua handia izan zen. Berdurak jaten ikasi behar izan zuen, asteburuetan amak paseatzera laguntzen zion. Gozotegien aurretik pasa eta kristalean begiak jartzearekin batera, amak esaten zion: “Zuk pentsatu porruz eginak direla”.

Pisua jaitsi zuen, eta hala ere nahiko zoriontsu izaten jarraitzen zuen. Maite zuen bere burua.

7-8. mailan gaur egun hainbeste entzuten den bullying saioa jasan zuen, telefono dei bidezko mehatxuak, harrikadak, bazterketak… eta hortik aurrera ez zen inoiz betikoa izan. Horren zoriontsua zen neska gorrotoaren mamu txikia ikusten hasi zen. Oporraldi guztien ondoren, ikasturte hasieran beti aldatu behar zuela esaten zion bere buruari. Pertsona hobea izan behar zela, baina berdin jarraitzen zuen. Horren ondorioz, gorrotoa mamutzar bihurtu zen.

15 urte bete zituen urtean, opor ondoren, beste behin bere buruari zin egin zion aldatu behar zela. Nazkagarria zela eta horrela ezin zuela jarraitu. Aldatzeko, pisua jaitsi behar zuela pentsatu zuen eta hor hasi zen bere infernurako bidea.

Pisua galtzea erabaki zuen momentutik beheraka hasi zen. 18 urte zituenean 53kilotik 39kilotara jaitsita zegoen. Orduan unibertsitatean hasteko garaia iritsi zitzaion. Kanpora ikastera joan zen. Bertan pepino erdia bazkaltzeko eta beste erdia afaltzeko jaten zuen. Egunean 3 txikle arte ere posible zuen jatea, denera 9 kilokaloria ziren eta. Hori bai, txikle bat gehiago janez gero…akabo!

Garai horretarako hilerokoa galduta zuen eta gurasoekin ginekologoarengana joan ziren kezkatuta. Esan beharra dago, garai horretan anorexia ez zela gehiegi ezagutzen. Eta beraz, bere gurasoei ez zitzaien burutik pasa ere egin. Hiesa zuela ere zabaldu zen herrian… Eskerrak ginekologoak argitu zuen dena: anorexia zeukan, 37kg pisatzen zituen eta zerbait egin beharra zegoen.

Gure protagonistak berehala onartu zuen egoera, bera ez zegoen ondo. Lo egiteko arazoak zeuzkan (gauean 2 ordu bakarrik lo egitea lortzen zuen), izugarrizko tripako minak. Hain ikasle ona izan zenak ezin zuen ezer berririk buruan gorde…eta gaixotasunetik atera nahi zuela erabaki zuen.

Erabakia hartuta ere, barruko mamutzarra deabru bihurtuta zuen horrezkero, eta hilabete t’erdi beranduago 30 kilorekin ingresatu behar egin zuten, hau da, 7kg galduta.

3 hilabetez egon zen unitate psikiatriko batean deabruaren kontrako borrokan, edo agian deabruen kontra esan behar; izan ere, leku hura ez zen ez zerua. Infernuan pasatako garai horrek beste ipuin edo liburu baterako eman lezake…, baina beste baterako utziko dugu. Amesgaiztoetan sarri agertzen zitzaion Herio bera ere, eta azkenekoak kontratu bat eskuan. Eta gure neskak batere pentsatu gabe sinatu, hizki txikiak irakurri gabe sinatu ere, Herioren gehiegizko kontratu hura: “Sendatu egingo naiz, bai. Oraingoan ez naiz Heriorekin joango. Haren legea beteko dut ordea: bat salbatzearen truke, bi lagun eramaten utziko diot.” Hizki txikietan, bi lagun horiek izenak.

Ingresotik 12kg gehiagorekin atera zen, limitean…eta horrela mantendu zen beste bi urtez. Limitean egoteak dakartzan arriskuak oso handiak dira, edozein momentutan erortzeko arrisku handia dago, erori edo limite horretan ‘estankatzekoa’….bere familiak ordea sendatzea nahi zuen (berak ere noski, edo ez….) eta tranpatxo batzuen bidez pisu gehiago zeukala ingurukoak konbentzitzea lortu zuen. Pisatzera joaten zenean, 3 pare praka, 4 jertse, 2-3kiloko burdin zatiak poltsikoetan.. eta ia litro bat ur edanda joaten zen.

Pisua ‘irabazi’ zuenez, ingresotik 2 urte pasa ondoren, kasua eramaten zuen psikiatrak alta eman zion…..

Eta alta eman zion egun horretan, oilarrak ohi baino askoz ere goizago abestu zuen; txakurrak ere zaunka etengabean aritu ziren; eta tximeleta beltzak ere pasa ziren haren ondotik hegaka. Denak Herioren presentzia iragartzen. Zorion betean gaudenean horrelakoez nor jabetzen da, ordea?

Gurasoak kontsultatik bueltan zihoazen kotxeak istripua izan zuenean, neskak orduan ulertu zuen: Heriorekin zuen zorra kitatu berria zen.”

Mila esker Maite Frankori, ipuin honi azken ikutuak emateagatik, Aintzane Irizar, publiko egiteko bultzadatxoa emateagatik, eta nola ez, Leticia Garcesi, berarengartik ez bazen ez nukeelako inoiz idatziko.

 

Muchas Gracias a Izaskun Egiguren Imaz [iegigurenimaz @ hotmail.com] por la traducción. A Maite Franko, por darle forma de cuento; a Aintzane Irizar, por darme el último empujoncito para hacerlo público y como no a  Leticia Garces, que si no hubiera sido por ella no lo hubiera escrito nunca.

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button