Itxaro Mendizabal Amundarainkolaborazioak

Grasak

2017/04/05 Guraso.eus

Itxaro Mendizabal Amundarain

Gaur 7 urteko alabarekin hizketaldi interesgarri bat izan dut. Behobia-Donostia karrera egin nahi dudala eta entrenatzen hasi behar naizela komentatu diot. Hasieran oinez hasiko naizela eta gero, poliki-poliki korri egingo dudala. Bere erantzunak kezkatu nau. ‘ama, zuk ez duzu kirolik behar, ez daukazu grasa nik bezala’. Kirola ongi sentitzeko dela adierazi nahi izan diot, hezurrak, gorputza eta burua ondo egoteko beharrezkoa dala, ez dala bakarrik ‘grasak’ kentzeko.

Nire alaba ez dago gizena, bere gorpuzkera ez da alaba zaharrenarena bezalakoa. Zaharrenak jaten duena erretzen du eta gihar eta hezur da. Hau berriz, ni bezala, beste modu batekoa da.
Bat batean nire haurtzarora itzuli naiz. Ni bera bezalakoa nintzen. Zoriontsua eta nintzen bezala izatearekin gustura…

Kanpotik jasotzen diren mezuek ordea, minik ematen ez dutela ematen duten arren, denbora aurrera joan ahal min izugarria egin dezakete, eta ondorio latzak izan. Badirudi argala ez bazaude, gizartean lekurik ez duzula, eta hori txiki-txikitatik sartu nahi izaten diguten mezua izan ohi da.
Nire alaba, oraindik 8 urte ez dituen nire txikia, hasi da dagoeneko bere gorputza zalantzan jartzen. Hasi da dagoeneko kirola ‘grasa’ hori kentzeko egin beharko lukeela pentsatzen. Hasi da sufritzen.

Hala ere elkarrizketa nola bukatu den gustatu zait. ‘Baino ama, zuk grasa ona dela esan zenidan ezta?’ eta nik baietz esan diot. Grasa bizitzeko beharrezkoa dela, bizitzarako behar dugula. Pentsatzeko, hezurrak eta giharrak ondo izateko, gorputzeko oinarrizko funtzioak ondo egiteko. Grasa onak eta txarrak daudela, eta horiek ezagutu behar direla. Ez dela berdina oliba olioa edo fruitu lehorrak jatea edo txokolatezko napolitana bat.

Irri txiki bat egin dit eta ikastolarako geratzen zen bidea eskutik helduta pozik egin dugu. Badugu elkarrizketa honi jarraipena emateko gogoa eta beharra, eta aukera suertatu ahala joango natzaio hitz egiten. Ez dezala ni bezala bere gorputza gorrotatu. Ez dezala nik sufritu dudana sufritu. Jarrai dezala ‘handitan’ ere horrela, natural, alai eta zintzo izaten.

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Back to top button
Close