Home / Oparipuinak / Oparipuina: Makarroi boy, gure heroi!

Oparipuina: Makarroi boy, gure heroi!

 

Maite Frankok Altzagako Aioraren anaia den
Oskitzi idatzitako ipuina

 

Aiora gogoratzen al duzue? Bai, Aiora asko daude munduan; Aiora masajistaz ari naiz, behatzen lekuan pintzelak zituen neskato bizkorraz hain zuzen. Haren anaia den Oskitzentzako ipuina idatziko dugu gaur, bazkaltzen duen bitartean, amari konta diezaion. On egin, beraz, istoriotxo honek!  


barazki purea Bazen behin pure berde-berde bat platertxo batean aspertuta. Pure berde-berdeari begira ere, bazen aspertzen ari zen beste norbait: Oskitz. Eta Oskitzi begira, hasperenka ari zen ama nekatu bat.

-        Ama, purea!

-        Bai, purea da, jakina, eta ez muki berdea.

-        Nahiago muki berdea balitz! Ama, nik ezin dut pure berderik jan, baina ezin dizut esan zergatik …

-        Oskitz, aitzakia berri bat purea ez jateko?

-        Aitzakiarik ez, ama, serio ari naiz. Badut arrazoi on bat, baina …-esan zuen, bi aldeetara begira- ez dezala inork jakin, ados?

-        Ados. Eta zein da, ba, arrazoi misteriotsu hori?

-        Eroso jarri, ama. Luze joko du azalpenak. Esaten dudana esaten dudala, zuk ez eten, ados? Eta ez barrerik egin. Kontu serioa da oso.

 

-        Ados …

Gure Oskitz xelebrea serio-serio jarri eta bakarrizketatxo bat eskaini zion hasieratik barreari eutsi ezinda egon zen ama gaixoari.

superheroia

“Ama, ni ez naiz ume arrunta. Bai, badakit askotan xelebre deitzen didazuela, baina hori baino bereziagoa da kontatu behar dizudana. Botereak ditut, amatxo. Mundua salba dezakeen super-heroi indartsua naiz ni. Popeye bat, bai, ulertu dizut keinua. Baina Popeyeri espinakek indarra ematen zioten arren, niri gauza berdeek, purean batez ere, botere guztiak kentzen dizkidate. Makarroiak dira behar dudana, ama. Begira, begira jertsearen azpian dudan elastikoa: MB. Badakizu zer esan nahi duten hizki hauek? Makarroi Boy. Zergatik uste duzu, bestela, hainbeste pasta jaten dudala? Nik beste edozer gauza gustura hartuko nuke, baina behartuta nago ordea. Horixe dugu super-heroiek. Askotan ezin dugu aukeratu.

Zer? Nola konturatu ote nintzen botere horiek nituela? Ba, txikitatik jakin dut. Makarroiak probatu nituen egun berean. Ez dakit zenbat urte ote nituen, bi edo? Egun hartan, bazkalondoren, lo hartu ezinda, parkera joatera behartu zintudan. Zu oso nekatuta zeunden, eta iritsi bezain pronto banku batean eseri eta erdi lo gelditu zinen. Bakarrik geunden. Orduan nik zabua hartu eta aurrera eta atzera joan beharrean, bueltak ematen hasi nintzen. Gero, parke osoan akrobaziak egiten ibili nintzen; hori bai, zuk begi bat zabaldu orduko, gelditu egiten nintzen.

Harrez geroztik, makarroiak jaten nituen bakoitzean beti bazen gertakari berezirik. Bateko, txirrista handitik erortzear zegoen mutikoa besoetan hartu eta salbatu egin nuen; besteko, kaka-mordoa zapaltzear zegoen aguretxoa esku batez altxatu egin nuen (egun berean, honen emaztea ere harrapatu behar izan nuen nire botereak ikustean desmaiatzekotan zelarik.)

Beno, amatxo, ez zaitut aspertu nahi. Orain badakizu zergatik ezin dudan pure berderik jan. Jateko berriro esan aurretik, ondo pentsatu. Erabaki zer eduki nahi duzun etxean: ume xelebre arrunt bat ala  Makarroi Boy, super-heroia. Zure esku dago, ama.”

 

Oskitzen ama barrez lehertzen hasi zen orduan, ukabilekin mahaian kolpeak emanez. Hura zen semeari inoiz entzuna zion istoriorik dibertigarriena. Amaren barrea oso kutsagarria egiten zitzaion super-heroi txikiari, bera gauza bera egiten hasi zelarik. Barre eta kolpe; barre eta kolpe; barre eta kolpe. Hain zorte txarrarekin non, nahi gabe, pure berdea zuen platera jo eta amaren  aurpegia berde koloreko bihurtu zen!

-        Barkatu ama, ez dut nire indarra ondo neurtu!

-        Lasai, txiki. Honelakoak super-heroi guztiei gertatuko zaie eta! – erantzun zion amak, oraindik ere barre-algara handiagoak botaz.

makarroiakOskitzek orduan, ama lasaitu arte itxoin, garbitzen lagundu, eta handik gutxira bota zion:

-        Beno, ama, konbentzitu al zaitut? Aterako al didazu behingoz makarroi platerkada ederra? Ez dakizu zer nekagarria den egunero istorioak asmatzen ibili behar izatea!


 

Hondarribian, 2012ko abenduaren 21ean, gure Martxel txikiak hasi ere egin gabe baztertutako zopari begira sortutako ipuina.

 

About TTiKLiK!

2 comments

  1. kaixo, Oskitz naiz. Oso polita egin duzue niretzako ipuina, oso artista zara eta oso ondo irakurri dugu familian. Eta nahi ba duzu beste egun batean beste ipuin bat egin niretzako eta Aiorantzako.
    Muxu pila bat zuretzako xxx

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


1 + = two

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>